Donostiako Udal Gobernuak funtsezkotzat jotzen du 2016rako hondakinen
birziklapen maila gutxienez % 60ra iristea lortzea, eta hori
bermatzeko, Udaleko gainerako alderdi politikoei proposamen bat
aurkeztuko die, akordioa lortu nahian. Hala jakinarazi dute gaur Nora
Galparsorok, Hiri Azpiegitura eta Zerbitzuetako zinegotzi ordezkariak,
eta Axier Jakak, Ingurumeneko zinegotzi ordezkariak.
Galparsorok nabarmendu duenez, birziklapen maila handitzeak hainbat
onura ekarriko dizkio hiriari, ez bakarrik ingurumen aldetik, baita
ekonomikoki ere. Eta hori frogatzeko datu zehatz bat eman du: gaur egun,
Donostian, %33 birziklatuta, 8 milioi € ordaintzen dira hondakinak
zabortegira bidaltzeagatik; %60 birziklatuz gero, aldiz, %40 aurreztuko
litzateke gastua; hau da, 3 milioi € gutxiago ordaindu beharko lirateke.
Horrek eskatzen du errefusean oinarritutako bilketa sistema bat
ezarri beharrean, hondakin birziklagarrietan oinarritutako bilketa
egitera pasatzea, eta horri lotuta dago Udal Gobernuak mahai gainean
jarriko duen proposamena. Proposamen "irekia eta malgua" dela nabarmendu
du Hiri Azpiegitura eta Zerbitzuetako zinegotzi ordezkari Nora
Galparsorok.
2016rako %60ko birziklapen mailara iristeko beharra Gipuzkoako Hiri
Hondakinak Kudeatzeko Plan Integralean jasota dago (2008an onartua), eta
Europar Batasuneko 2008/98/EE zuzentarauan ere horren pareko helburua
ezarri da (1995a erreferentzia urte gisa hartuta, 2016an zabortegira
isurtzen diren hondakin tonak ordukoak baino %65 gutxiago izatea). Ildo
horretan, Donostiak, Gipuzkoako hiriburua izanik eta 2016an Europako
Kultur Hiriburu, "eredugarria izan behar du", Axier Jaka Ingurumeneko
zinegotzi ordezkariak adierazi duenez. Galparsorok zehaztu du gaur
egungo udal ordenantzak ez duela helburu hori lortzea bermatzen, eta
beste alderdiekin adosten den akordioak ordenantza aldaketa ekarriko
duela.
"Hondakinen kudeaketak berebiziko garrantzia du, herritar
guzti-guztioi eragiten digulako eta gure zabortegien gainezka egiteari
konponbide egokia eman behar zaiolako", esan du Galparsorok, "hiri
garbia nahi dugu, ingurumen jasangarria, eta hori lortzea denon ardura
da; denon inplikazioa eskatzen du".
Honela laburbildu ditu Udal Gobernuak aurkeztuko duen proposamenaren
ezaugarri nagusiak: % 60ko gutxieneko birziklapen maila bermatuko duen
edozein sistema aztertzeko eta martxan jartzeko prest dago; ez dago
zertan hiri osoan sistema bera ezarri, hau da, auzo eta herrietara
egokitutako hainbat modalitate jar daitezke martxan; modalitate horiek
dinamikoak izango dira, hau da, helburuak betetzen ari diren aztertuko
eta, hala ez bada, neurri zuzentzaileak hartu eta beste bilketa
modalitate bat jarriko da martxan. Horrez gain, betearazpen faseak ere
adostuak izango dira, betiere, 2016rako gutxienez % 60 birziklatzera
iritsi beharra kontuan hartuta, eta, hasieran, arreta nagusia jarduera
ekonomikoetan jarriko da.
"Hiri hondakinak kudeatzeko politika berri bat adostu behar dugu, eta
Udal Gobernuko bi departamentuk, Hiri Azpiegitura eta Zerbitzu
Departamentuak eta Ingurumen Departamentuak, elkarlanean sustatuko dute
politika hori", azpimarratu du Axier Jakak.
No hay comentarios:
Publicar un comentario