Páginas

viernes, 22 de febrero de 2013

Lugaritzetik Morlansera doan lurpeko metro proiektua alde batera, EH Bilduren ekimenez

Eusko Legebiltzarrean EAJk bat egin du EH Bildurekin, Donostiako metroaren harira koalizioak aurkeztu duen ekimena onartzeko. EH Bilduren eta jeltzaleen arteko erdibideko zuzenketa onartu du Legebiltzarrak eta horren haritik, Lugaritz-Kontxa eta Kontxa-Morlans lurpeko zatia eraikitzeko proiektua bertan behera geratuko da. Zuzenketak aintzat hartzen du egitasmo hori “ez dela eraikuntza-irtenbiderik egokiena, benetako mugikortasun-beharrei erantzun iraunkorra emateko”.

miércoles, 13 de febrero de 2013

Gazte auzipetuekin bat egin eta mobilizaziora deitu du Donostiako Ezker Abertzaleak

Ezker abertzalea eta euskal jendartearen gehiengo zabala, bakearen bidea urratzeko etengabeko ahaleginean ari garen bitartean, errepresio estrategian itsuturik jarraitzen du Espainiar Estatuak. Herri honen bake eta askatasun bidea, oinarrizko eskubideak behin eta berriz urratuz, ezerezera eraman nahi dute.

Begi bistakoa da, herri honen bake nahiaren kontrakoa dela Donostiako hamabost gazte hauen aurka abiarazitako prozedura judiziala. Nola da posible, bizi dugun testuinguru politikoan, oraindik ere, lan politikoa egiteagatik gure herriko gazteak atxilotu, torturatu eta urte luzetarako espetxera eramatea? Berriz ere, salbuespen neurriak desaktibatu eta eskubide zibil eta politikoak errespeta ditzala exijitu behar diogu Madrileko gobernuari.

Honetarako, ezinbestekoa da guztion indarrak metatzea. Bakea eta demokrazia gurera ekartzeko, beharrezkoa da kolore eta sentsibilitate guztietako herritarrok bat egitea. Oinarrizko eskubideen defentsan eta bake prozesuaren alde gure indarrak batzea. Hori dela eta, bide honetan urratsak ematera gonbidatu nahi ditugu PNV, PSE eta PP. Guztion ardura delako Euskal Herrian bake agertokia eraikitzea.

Honenbestez, otsailaren 13an, Nazioarteko Torturaren Kontrako Egunean, 19:00an Artzai Onean Eleak Mugimenduak eta Donostiako gazte auziperatuek burutuko duten mobilizazioarekin bat egin nahi dugu Donostiako Ezker Abertzaletik. Aldi berean, erabateko babesa eman nahi diegu beraien militantzia politikoagatik kartzelaratuak izateko arriskuan dauden gazte hauei guztiei.

viernes, 1 de febrero de 2013

Errausketak minbizia eragiten duela frogatu du CarlosIII unibertsitatearen azterketa batek

Madrileko unibertsitate honek burutu duen azterketaren helburua espainiar estatuan "erraustegien eta hondakin arriskutsuak berreskuratu edo ezabatzeko instalazioen inguruan dauden herrietan minbiziagatiko heriotza tasa gehiegizkoa den ikertzea" izan da.

Ondorioetan argi mintzo dira azterketaren egileak:
"Gure emaitzek hipotesia berresten dute, alegia, erraustegien eta hondakin arriskutsuak berreskuratu edo ezabatzeko instalazioen inguruan dauden herrietan handiagoa dela, eta estatistikoki esanguratsua, minbiziaz hiltzeko arriskua eta, bereziki, arrisku are handiagoa urdail, gibel, pleura, giltzurrun eta obarioko tumoreei dagokienez."

Zergatik nahi du, orduan, PNVk Gipuzkoan errauskailua kosta ala kosta eraiki? Bestelako interesak oinarri hartuta uler daiteke soilik, horren nabarmen herritarron osasuna erasotzen duen egitasmoa aurrera eramatea.
Guk, gure aldetik, hondakinen arazoari irtenbide integrala bilatzen jarraituko dugu. Jakin badakigulako, hondakinen bilketa eta kudeaketa arduratsua eginez gero, ez dugula, inondik inora, erraustegi toxikorik eraiki behar. Irtenbidea gure esku dago.

miércoles, 23 de enero de 2013

Donostiako Udal Gobernua hondakinen bilketa sistemak adosteko proposamena aurkeztuko du

Donostiako Udal Gobernuak funtsezkotzat jotzen du 2016rako hondakinen birziklapen maila gutxienez % 60ra iristea lortzea, eta hori bermatzeko, Udaleko gainerako alderdi politikoei proposamen bat aurkeztuko die, akordioa lortu nahian. Hala jakinarazi dute gaur Nora Galparsorok, Hiri Azpiegitura eta Zerbitzuetako zinegotzi ordezkariak, eta Axier Jakak, Ingurumeneko zinegotzi ordezkariak.

domingo, 13 de enero de 2013

Atxiloketak salatzeko konzentrazioa astelehenean, 19:00an Uso Txurian


Mobilizazio honen bitartez, Andoni Lariz eta bereziki Urtzi Etxeberria Amara Berriko bizilagunaren atxiloketak gogor salatu nahi ditugu Donostiako Ezker Abertzaletik. Aldi berean, gure elkartasunik gertuenekoa helarazi nahi diegu beraien senide eta lagun guztiei.
Eragile anitzek Euskal Herrian bakea eta demokrazia erdiesteko aurrera urrats esanguratsuak egiten ari garen bitartean, errepresioaren errezeta antzuari lotzen zaizkie, itsuki, frantziar eta espainiar estatuak. Honen gertuko adibide ditugu ere, Ekaitz Ibero donostiar gaztearen kasua, edota Errenteriako bost gazteena ere. Errepresioaren bidez, jendartearen ilusioa zapuztu eta Euskal Herriaren bake eta askatasun bidea bortxaz bahitu nahi dute.
Ordea, oso bestelakoak dira Ezker Abertzaleak eta euskal jendartearen gehiengoak eskatzen dituen jokabideak. Herritarron gehiengo zabalak, gatazkaren konponbidearen aldeko urratsak eskatzen dizkie frantziar eta espainiar estatuei. Horren adiera argiena dugu, atzo Bilbon bildutako jende uholde erraldoia.
Testuinguru honen guztiaren baitan, konpromiso argiak eskatu nahi dizkiegu ere, PNVri, PPri eta PSOEri. Utz diezaiotela korrontearen kontra igeri egiteari eta busti daitezela bakearen eta konponbidearen eraikuntzan. Bizi dugun une historikoak, ardura maila hori exijitzen digu eta.
Honenbestez, hemen azaldu dugun argudiatzea oinarri, kontzentrazioa burutuko dugu urtarrilaren 14an Donostian, 19:00an Bakearen Usoaren alboan (Anoeta Estadioaren parean). Bertan parte hartzera deitu nahi ditugu gure irakurketarekin bat egiten duten herritarrak.