Páginas

viernes, 28 de diciembre de 2012

Kofradia itxi eta luxuzko kaiari ateak zabaldu?

Jakin berri dugu donostiako Kofradiak behin betiko itxi beharko duela.
Lehen sektorearekiko bazterkeria eta Eusko Jaurlaritzan Ernesto Gascok izan duen jokabidea salatuz idatzia argitaratu du Parte Zaharreko Ezker Abertzaleak www.urgullpetik.info auzoko blogean.
Ezker Abertzaletik lehen sektorea suspertzeko apustua indartu nahi dugu, hala nola, pertsonak aintzat izango dituen ekonomia garatzearen beharra azpimarratu ere.
Datorren 2013tik aurrera, Donostiako kaiko arrantzaleek ezingo dute Kofradia erabili Arriolak, Elorzak eta Gascok duela urte pare bat arrantzale donostiarrei emaniko hitza bete ez dutelako. Krisialdi ekonomikoa medio, ez omen dago dirurik horretarako (bost milioi euro), Donostiako Metroa edota Abiadura Handiko Trenarentzako, beraiek diotenez, egon, badagoenean. Beraien ardura da Donostiako Kofradia ixtea eta arrantzaleen etorkizuna zapuztea.
Era berean, onartezina da Gasteizko Gobernuaz jabetu berria den Eneko Goiaren PNV alderdiak egoera honi ez erantzutea. Urkulluren Gobernuak, Lopez-Basagoiti (PSE-PP) Gobernuak izan duen jokabide arduragabea zuzendu beharra du, Donostiako alkatea den Bilduko Juan Carlos Izagirrek eta Kofradiako arduradunek eskatu duten moduan. PNVek eta EHBilduk bat eginez gero, Donostiako Kofradiaren, arrantzaleen eta arrantzaren etorkizuna Donostian bermatuko lukete Gasteizko Legebiltzarrean.
Baina, agian,  arazoa, diruan baino kaiaren inguruan egon litekeen proiektu espekulatiboan datza. Izan ere, ez da gaurkoa Donostian luxozko kirol portua jartzeko batzuek aspaldidanik erakutsi duten interesa. Hiri eredua da jokoan dagoena. Ez da kaiaren arazoa soilik, Donostiako Parte Zahar osoari eta, nola ez, Donostiari zuzen-zuzenean dagokion arazoa da. Nolako Donostia eraiki nahi dugun da argitu beharreko galdera. Abiadura Handiko Trena, Donostiako Metroa, Monpaseko Pasarela, luxozko kirol kaia, Zezen Plaza, etxebizitzaren salmenta eta alokairu espekulatzailea, desjabetzeen kate luzea, bertako komertzio txikiaren amiltzea eta zabor komertzioaren ugaritzea, terrazen lur zoru publikoaren okupazio eta pribatizazio neurri gabea, langabeziaren hazkundea eta lan baldintzen prekarizazioa, kontsumoaren eredu jasan ezina, errauskailuen bidezko zaborren kudeaketa kutsatzailea...
Gurea, bestelako Donostiaren aldeko apustu argia da, eta kasu honetan arrantzaleen eta arrantza kaiaren aldekoa. Arrantza sektoreak eta arrantzaleek larrutik pagatu dituzte inposatu zaizkien errekonbertsio basatiak. Horren ondorioz, egun zortzi ontzi baino ez dira geratzen eta, batzuen ustez, horiek ere soberan daude...
Gure aldetik, bat egiten dugu arrantzaleen eta kofradiaren eskakizunekin eta beraiek antolatutako ekimen guztiak bultzatzeko hitza ematen dugu, bidez batez ekimen horietan parte har dezaten donostiar guztiei dei eginez.

No hay comentarios:

Publicar un comentario