Lehenik eta behin, azpimarratu behar da Gipuzkoako Foru Aldundiak aurkeztu berri duen hondakinak kudeatzeko plana garatzeko estrategiaren ondorioz, gipuzkoarrok konponbidea dugula esku artean, eta bide argi bat margotzen duela Gipuzkoa zero zabor lurraldea bihurtzeko norabidean.
- Erantzukizun ariketa garrantzitsu bat eginez, hiri hondakinekin dugun arazoa konpondu egiten du, eta ekonomia ekologikoaren bidean urratsak ematen ditu: gipuzkoar gehienen nahiari erantzun positiboa emanez, errausketaren eta zabortegi kutsakorren aroarekin bukatu egiten du; bukatu egiten du azpiegitura handiek eskatzen duten diru xahuketarekin; eta, horren ordez, prebentzioan, berrerabilpenean eta birziklatzean oinarritutako konponbide iraunkorra planteatzen du, Europatik datozen arau, irizpide eta ildoak kontuan hartzen dituena, gainera. Eta ezin ahaztu eta ezin aipatu gabe utzi, gaurkotutako estrategia honi esker, diru gutxiago beharko dela hori dena aurrera emateko, aurrekontuaren %50 murriztuko baita, eta, gainera, 120 lanpostu berri sortuko dira oso epe motzean, egungo krisi ekonomiko honetan eta langabezia etenik gabe gora egiten ari den garaiotan, ezinbestekoa.
- Beraz, Gipuzkoa Europaren eskutik oinez ibiltzea ahalbidetzen duen estrategia bat dugu mahai gainean, eta Gipuzkoa eta Euskal Herria, Europako herrialde aurreratuenen pare jartzea ahalbidetuko duena, izan ere, urte gutxiren buruan %80ko birziklatze maila lortuko dugulako, eta herritarren osasuna eta ingurumena zaintzen dituen kudeaketa indarrean izango dugulako.
- Europan errausketa jada iragana da, eta, ondorioz, ez dugu ulertzen nolatan ari diren EAJ, PSE-EE eta PP itsu-itsuan, hirurak eskutik helduta, errausketa defenditzen, hondakinen %30 soilik birziklatzea ahalbidetzen badu ere, eta nolatan utzi nahi den bazterrean %80ko birziklatzea ahalbidetzen duen egitasmoa.
- Eta ez dugu ulertzen zer egiten duen EAJk PSE-EE eta PPren eskutik, ezezkoaren blokean. Zer egiten duen bloke desktruktibo horretan. Horregatik, dei egiten diogu EAJri ezezkoaren bloketik atera, eta herria eta Gipuzkoa eraikitzeko blokera etortzeko. Lehen esan dugu: konponbide bat dugu esku artean, eta abiapuntu ederra da akordioetara iristeko, eta hondakinen inguruan kontsentsu zabalak eratzeko. Gu horretarako prest gaude.
- Baina argi dugu jada ez dagoela hirugarren bide baterako tarterik. Proba edota esperimentu guztiak egin dira, eta edukiontzien ereduak porrot egin du, porrot egin du nekez bil daitekeelako bereizita hondakinen %35 baino gehiago. Adituek esan berri digute, baita belarritik tira ere: egungo bilketa emaitzak oso baxuak dira. Gure galdera da: hori izan behar du gure helburua? Guztion helburua ahalik eta gehien birziklatzea bada, gu prest gaude %75tik gorako emaitzak ematen dituen bilketa moduak aztertzeko, baina argi izanda hori dela gure helburua, eta horretara iristen ez den ezer ez dela onargarria.
- Azkenik, agerraldi honen bidez herritarrei dei egin nahi diegu ekainaren 17an Donostiako Saguesen egingo den ekimenean parte har dezaten. Errausketaren zikloa ixtear dagoen honetan, herritarrei azken ahalegina egiteko eskatu nahi diegu, guztion artean errauste plantarik gabeko Gipuzkoa eraiki dezagun, aire garbiak bira gaitzan.
No hay comentarios:
Publicar un comentario